XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Gaur hasiko da lanean irrati-lizentzien afera argitu behar duen batzordea

Bi hilabeteko epea du Euskalerria Irratiaren auzia aztertu eta erantzukizunak zehazteko

Gaur ospatuko da Iruñeko Parlamentuan irrati-lizentzien esleipena ikertuko duen batzordea: Martxoa amaitu baino lehen batzorde parlamentario honek Iruñerriko bi irrati lizentziak emateko egin zen lehiaketan irregulartasunak izan zenentz aztertu beharko du.

Nafar Gobernuaren erabakia zela eta euskara hutsez emititzen duen Iruñeko Euskalerria Irratiak ez zuen lizentziarik lortu, nahiz eta aurkeztu zirenen artean proiekturik sendoena izan. Ikerketa bi hilabetez luzatu daiteke.

Nafarroako Legebiltzarrean osatuko den ikerketa-batzordeak bi hilabete eskas izango du irrati lizentzien inguruko afera argitzen saiatzeko.

Tarte horretan, Opuseko Unibertsitateak eta Medios de Comunicación 21 taldeek irabazi zuten lehiaketa bidezkoa izan zen aztertu beharko du.

Euskalerria Irratia lizentzia eskuratzetik 0,7 puntura geratu zen eta hau erabaki politiko baten ondorio izan zela dioen zurrumurrua oso zabalduta dago.

Batzordean parte hartuko duten parlamentarien izenak zehaztu dituzte dagoeneko alderdi guztiek.

Hamabi izango dira parlamentariok: Alberto Catalán eta Carlos García Adanero (UPN), Juan Andrés Platero eta Javier Sánchez Turrillas (PSN), Juan Cruz Alli eta Inmaculada Matías (CDN), Isabel Arboniés eta Jose Miguel Nuin (IU-EB), Patxi Zabaleta eta Pedro Romeo (Ezker Abertzalea) eta Fermin Ziaurriz, Eusko Alkartasunakoa, eta Martin Landa, NI-koa (Talde Mistoa).

Uztailean sortu zen gatazka

Uztailaren 16an, Iruñerriko bi lizentziak Opuseko Unibertsitea eta Medios de Comunicación 21 taldeentzat izango zirela ezagutu bezain laster, irregulartasunaren inguruko susmoak zabaldu ziren.

Euskalerria Irratiko arduradunek berehala salatu zuten lehiaketan izandako iruzurra.

Halaber, Iruñerriko euskaldunen eskubideen kontrako erabaki politikotzat jo zuten lehiaketaren ondorioa.

1990. urtean bezala, lizentziarik gabe utzi zuten Iruñerriko irrati euskaldun bakarra.

Talde euskaltzale eta alderdi politiko ugarik bat egin zuten Euskalerria Irratiarekin eta urriaren 3an manifestazio handi batek eskatu zuen Iruñean irrati honen legalizazioa, Nafarroako Gobernuaren erabakia gaitzetsiz eta euskaldunek ere bere hizkuntzan irratia entzuteko aukera badutela aldarrikatuz.

Protesta handi honen ondoren, ordea, entzungor jarraitu zuen UPNren Gobernuak.

Politikarien eskuhartzea

Irailean ezagutu zen txosten teknikoak susmoak baieztatu zituen.

Izan ere, Euskalerria Irratia aise nagusitu zen lehiaketaren lehenengo atalean, nahiz eta euskararen erabileraren inguruko puntuazioa oso txikia izan.

Atal honetan zenbakagarriak ziren irizpideak hartu ziren kontuari: barne-produkzioa, euskararen erabilera, jende berriaren partehartzea eta emisioaren ordu-kopurua.

Baina bigarren atalean zenbakaitzak diren beste irizpide batzuk neurtu behar ziren, txosten teknikoak azaldu zuenez.

Kontratazio Mahaiak hiru irratien arteko erabateko parekotasuna ikusi zuen alderdi horietan eta ez zuen puntuaziorik eman, euren lana amaitutzat joz.

Orduan, Angel Sanz Barea, Lan Publiko, Garraiobide eta Komunikazio Departamentuko Telekomunikazio arloko zuzendari nagusiak lehiaketa bere horretan utzi beharrean, bere kabuz erabaki zituen bigarren atal honi dagozkion puntuazioak.

Honela, erabaki politiko baten ondorioz, Euskalerria Irratia lehenengo postutik hirugarrenera pasatu zen.

Horixe da, hain zuzen ere, Legebiltzarreko ikerketa batzordeak argitu beharko duena: zein izan zen lehiaketa honetan politikarien eskuhartzea eta hauek eragin zituzten aldaketen arrazoiak.

Parlamentutik Kontu Ganberara

Ikerketa batzordea eratu aurretik, Parlamentuak berak atzera bota zuen esleipena bertan behera uzteko Eusko Alkartasunak aurketu zuen mozioa.

Honen ordez, Kontuen Ganberaren esku utzi nahi izan zuten afera, baina handik gutxira, gaia ez zegokiola erabaki zuen Nafarroako fiskalizazio erakunde gorenak, mandatuari muzin eginez.

Honen ondorioz, PSN-PSOEk ikerketa-batzordea martxan jartzeko erabakia aurkeztu zuen Parlamentuan, eta gainontzeko taldeen onespena jaso zuen, UPNrena izan ezik.

Gobernuan dagoen alderdiak esleipenaren garbitasuna eta zintzotasuna ziurtatu du prozesu honen jardueran; azalpenak Jose Ignacio Palacios Lan Publiko, Garraiobide eta Komunikabideen Departamentuko kontseilaria eta Miguel Sanz presidentearen eskuetan utzi dituzte.

Azken honen ustez, Iruñerrian euskara hutsez egindako irratirik ez egotearen arrazoia komertziala baino ez da.

Joan den astean berritu duenez, irrati elebakar euskaldunentzat ez da lekurik jendeak ez duelako eskatzen.

Laugarren Ikerketa

Gaurkoa Iruñeko Parlamentuak abiatuko duen laugarren ikerketa batzordea izango da.

Honen aurretik egon direnek ere auzi garrantzitsuak aztertu dituzte: Balbino Bados eta Jaime Ignacio del Burgoren inguruko afera (1985), Gabriel Urralbururena (1994) eta, azkenik, Sakanako autobidearen ingurukoa (1996).

Azken bietan, ordea, ezer gutxi argitu ahal izan zen.

Gabriel Urralbururen ustezko aberaste ilegalaren inguruko lehenengo susmoak sortu bezain laster, ikerketa-batzorde bat osatu zen, Lan Publikoko teknikariek irregulartasunak agertzen ari zirela ikusi arren, hauteskundeak oso hurbil zeudela argudiatuz, bertan behera utzi zuten ikerketa UPN-PP eta PSN-PSOEk, aurrerago ezagutu ahal izan zen ezkutuko akordio baten bidez.

Sakanako autobiaren afera ikertu zuen batzordea ere ez zen urrunegi heldu.

Hori dela eta, etsipena eta mesfidantza ugari zabaldu zen Nafarroako hiritar eta alderdien artean ikerketa batzorde hauen lanari buruz.

Gaur abian jarriko den batzordeak, beraz, ardura hori ere izango du, Legebiltzarrean, interes politikoak alde batera utzi eta benetako ikerketak egin daitezkeela argi uztea, hain zuzen ere.